Bai Sarea Batzarra
BAI SAREA Emakundek sustatutako sarea da, eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta dauden enpresak eta erakundeak biltzen ditu. Bere helburua esperientziak, ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzea da, baita erakunde bakoitzak berdintasunaren arloan egiten duen lana indartzea ere. Gure kasuan sare horretako kide gara, berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa.
BAI SAREAk bere estrategia berria aurkeztu du, irailean Emakunderekin eta sarea osatzen dugun erakundeekin batera abiatutako hausnarketa-prozesuaren emaitza. Hilabete hauetan esperientziak, zalantzak eta proposamenak partekatu ditugu, berdintasun-politikak indartzeko eta sare parte-hartzaileago, eraldatzaileago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Estrategia berriak BAI SAREA pentsamendu kritiko kolektiborako gune bihurtzea proposatzen du, eta lana bost espazio berritan antolatzen du: Berdintasunaren Azeleragailua, Pentsamenduaren Balbula, Entrenamendurako Gela, Aldaketarako Terraza eta Erresistentzien Garbitegia. Espazio horien bidez, partekatutako ikaskuntza sustatu, erakundeek aurkitzen dituzten oztopoei aurre egin eta sareko kideen arteko harremanak sendotu nahi dira, zaintza, sormena eta umore feminista ere txertatuz.
